Albisteak

 

Hasierako neurri gisa, Aparteko Udal Osoko Bilkura bat ospatuko da Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako ebazpenaren kontra Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkezteko erabakia hartzeko asmoz.
 
Abiña auzoa Sukarrietakoa da bere jatorritik. Bertan egiten ziran udalbatzak XVIII. mende amaiera arte, eta hor egoan herriko parrokia 1785 arte, ta udal kanposantua orain dagoen kokapenera mugidu arte.
 
Legezkotasun historikoaz gain, gaur egun Abiñako auzotar guztiek Sukarrietakoak izaten jarraitu gura dabe eta horrela agertu dabe idatziz. Honi, herriko bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko Sukarrietako parte hori izatearen beharrizana gehitzen jako. Izan be, gaur egungo zerbitzuen maila mantentzeko diru-sarrerak emoten dauz honek. Errealitate honen aurrean Sukarrietako Udalak ez da konformatzen Bizkaiko Batzar Nagusien botazinoen emaitzagaz. Emaitza hau bidebakoa dala uste dogu eta zuzenbidearen araberakoa ez dala. Horregatik, Batzar Nagusietako ebazpenaren aurrean errekurtsoa aurkeztuko dogu.”, aldarrikatu dau Sukarrietako Alkatesak, Erruki Goirienak.
 
Sukarrietako Udalak Bizkaiko Batzar Nagusiek hartutako erabagiaren aurrean errekurtsoa aurkeztuko dau errazoi ezbardinengaitik:
 
Lehenbizi, itsasadarran eta Abiña auzoaren aurrean kokatzen dan Sandindere irla enklabetzat hartzea zentzubakoa da. Irla bat irla bat da eta ezin da enklabetzat hartu ezta, Bizkaiko udalerriei jagoken, uztailaren 7ko, 8/1993 Bizkaiko Foru Arauaren baitan bez. Honen adibidea betetzen dan sententzian lurralde-itsasoari buruz egiten den interpretazinoa da.
 
Bigarrenez, ezin da ulertu hartu dan erabakia, espedientearen txostenen araberako balorazinoa bestelako ebazpen batera zuzentzen zan eta. Kontutan hartzen dan errazoi bakarra epailearen erabaki da eta ez beste hainbeste puntu.

Azkenik, erresoluzinoan aurreikusitako kalte-ordaina eskasa da. Batez be, Abiña auzoa galdu ezkero Sukarrieta ze egoeratan geratuko dan kontutan hartuta, ez zalako izango ekonomikoki bideragarria.

Halaber, herri honi eta auzo honetako bizilagunei egingo jaken kaltea dala eta hartutako erabagia gauzatzea berehala bertan behera uztea eskatuko dogu. Hau dala eta, eskaera hau balioetsi ezkero, auzo hau Sukarrietakoa izaten jarraituko zan Auzitegiek Batzar Nagusietan hartutako erabagiaren legezkotasuna erabaki arte.

Bestalde, ebazpen hau ekarri dauen Autoaren kontra aurkeztutako errekurtsoari Auzitegi Gorenak emondako erantzunaren aurrean bere haserrea argi utzi gura dau Sukarrietako udalak.
Hiru lerrotan azaldu dauz errazoiak ( “ Apelatu gura dan erresoluzinoaren erabagian egotzitako arau-hausteak aipagarriak eta garrantzitsuak izatea ez da justifikatzen” ).  Ez dau Sukarrietak aurkeztutako kasazio-errekurtsoa aztertu bez eta ez dau eskaera izapidetzeko onartu bez, bere arreta merezi ez dauen gai eskasa dala ulertuz. Herri baten, Sukarrietaren, etorkizuna eta historia arriskuan uztea, edota auto batek interpretatzen dauen sententziaren kontra egiteak, ez dira antza gai garrantzitsuak Auzitegiarentzako”, adierazi dau bere haserrea Sukarrietako Alkatesak, Erruki Goirienak.
 
Halaber, bozketaren emaitzagaz bat ez gatoz, bozkatu dabenen eta euren abstentzioagaz erabagia hartzea bideratu dabenen bozketagaz, hain zuzen be.  Sukarrietako udalak herriko egoera larria eta dramatikoaren benetako erantzule nortzuk diren azpimarratu gura dau, ondoko herriko udalaren korporatiboak dira, euren Idazkari-Kontuhartzailearen laguntzagaz. Hauek inongo legekoztasun moral, demokratikoa ezta historikoa barik Sukarrietari bere jatorria eta bere Historia kentzeko gurutzada hau mantendu dabe. Hauek aho batez hartu dabez hainbeste erabaki.
 
Denborak jarriko dau bakoitzari bere tokian, eta herritarren aurrean dagozkien kalifikatzailea merezi dabe, guzti honen protagonistak diren heinean, euren herriak berana ez danaz jabetzeko asmoa daukate eta.